Ai, ama!

ZERBERRI

sailaren zuzendaria

Joxerra Garzia



© Arantxa Iturbe Maiz

© Azala eta diseinua: Antton Olariaga

© Argitaraldi honena: ALBERDANIA, S.L.

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net

Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978–84–88669-87-2

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-128-4

Mobipocket Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-127-7

Legezko Gordailua: S.S. 674/2006

AI, AMA!





Durante los primeros meses llegué a pensar
que era la única mujer en esta tierra
que no disfrutaba del hecho de tener un hijo.

Virginia Mataix. Maternidades

“Ai, ama!”: Ez nintzen beste ezer esateko gauza izan ama bihurtu ninduena, zoriona ekarri behar zidan jaioberria, neurea, gainean jarri zidaten lehendabiziko aldian.

Esan litekeen era guztietara esan dut harrezkero.

Hiru kilo eta erdik eman zidaten titulua, eta inoiz ezagutu ditudan hiru kilo eta erdi pisuenak izan dira. Pisua ez baita beti kilotan neurtzen.

Aspaldian erakutsi ziguten hori, edo antzeko zerbait, iragarki batean.

Eta halere, ez dira fidatzekoak iragarkiak. Amatasunak bere horretan etengabeko zoriona ziurtatzen duela sinistarazten digute; benetako bizitza eta iragarkiak gauza bera balira, gure seme-alabei begira egingo genuke egun osoa amok –ez zaigu-eta zeregin hoberik bururatzen–; beti zuriz jantziko ginateke: zuria izaten da gure albornoza, zuriak sofak eta zuria ohea eta gelako hormak, baina zuri-zuria, iragarkietan bakarrik ikus litekeen zuri mota batekoa; eta umeek edozein txikizio egiten digutela ere, irribarre maitakorra eskaintzen diegu: “tresneria ona daukagu, ez zaigu batere axola”, edota “egin dezala nahi duena, ni ama naiz” esanez bezala.

Izan ere, ama eta irribarrea beti elkarrekin doaz. Ama guztiek egiten dute irribarre: irribarre eztia, gozoa, inozoa, batzuetan lerdejarioaren atarikoa; erretratua atera behar digutela konturatzen garenean, jarri nahi izaten duguna. Amak ez du inoiz irribarrerik galtzen. Bere ezaugarrietako bat da. Ezta lanetik jenio-txartuta etorri bada ere, ezta bidean egin behar izan dituen enkarguengatik hatzetako minez lehertzen badator ere, ezta umeek duten gaitasun berezi horri esker (ez dakit izenik baduen, baina, oraindik ez badu, merezi luke, izan badenez, bakarren bat), amari gutxien komeni zaionean bihurrikeriaren bat egiten dutenean ere; jaioberriak kaka egin duelako, sei aldiz aldatu behar duenean ere irribarre egiten du amak, eta baita, irribarrerako gogorik ez duenean ere.

Amok beti egiten dugu irribarre. Irribarre, haurdun gaudela jakiten dugunean; irribarre, umea besoetan hartzen dugunean; irribarre, loak hartu ezin duelako lasaitu behar dugunean; irribarre, zerbait egin nahi eta ezinean dabilenean, animoak emateko; irribarre, ondoezik dagoenean, gure arrimuan segituan sendatuko dela adierazteko; irribarre paseatzerakoan; irribarre, pixa egin duelako; eta irribarre, bizitzen ikasten ari dela frogatzen digun bakoitzeko.

Bizitzako helbururik garrantzitsuena bete dugula bageneki bezala egiten dugu irribarre. Konturatu gabeko norbait geratzen bada, arduratuko dira iragarkiak hori gogorarazteaz.

Bizitzan ere irribarre egiten dugu, jakina –ama izateak ez du irribarrea bermatzen, baina irribarrea egiteko gaitasuna suntsitu ere ez–. Negarra ere bai, jakina. Eta ez dut amarik negarrez ikusi iragarkietan. Kalean ere, apenas.

Ai, ama! asko malkoekin batera joaten dira: ezjakinak sentitzen garenean, bakarrik sentitzen garenean, laguntzarik ez daukagula deskubritzen dugunean, umearen negarra lasaitu ezin dugunean, egun batetik bestera, ni izateari utzi, eta ama bihurtu gaituztela konturatzen garenean, gainerako ama guztiak zoriontsu direla ikusi, eta gu ez garela horren zoriontsu pentsatzen dugunean, edota titulu berria betiko dela hausnartzen hasten garenean.

Nik bezala negar asko egin duten –eta egiten duten– ama guztiekin pentsatuta hasi naiz lerro hauek idazten. Izan badirelako. Horrelakoak eta horrelakoak ez direnak ezagutu ditut. Itxuraz ez direnak, baina, luzez hitz egin ondoren, hain desberdinak ez direnak ere bai. Eta ama batzuk –ez denak– ai, ama! etsiak lau hormen barruan esatera behartuta sentitzen gara; amak, ama den momentutik, ez duelako ama delako triste azaltzeko eskubiderik, bere nia mozorrotu, eta irribarrea eskaini beharra daukalako amak. Azken batean, ama izan aurreko pertsona ez den beste zerbait bilakatzen delako ama.

Eta ez bada, ama arrarotzat jotzen dutelako (gaituztelako).

Ai, ama! Noiz?

Amak: zuen esku dago munduaren salbazioa.

Tolstoi

Ama izatea, orain eta hemen, aukera bat da (edo izan behar luke). Horrek esan nahi du emakume bakoitzak duela eskubidea ama izan nahi duen ala ez duen izan nahi erabakitzekoa.

Askok ez dakite oraindik. Aukera bat denik, esan nahi dut. Ama izan nahi duten ala ez duten izan nahi ere ez dakite beste askok, baina hori norberaren kontua da edo, gehien jota, birena. Inoiz ez bizilagunarena.

Eta bizilaguna ez da oraindik jabetu.

Bi baldintza aski dira, edozein ezezagunek galdera luzatzeko eskubidea bere egiteko. Bat, adina (zehaztu gabe dago, baina ama izateko aproposa den edozein izan liteke, edo ezezagunari ama izateko aproposa iruditzen zaion edozein); eta bi, sexu berekoa ez den bikote-laguna izatea (gizonezkoa, alegia). Bi baldintza hauek betetzen dituen edozein emakumek entzungo du, gaur ez bada bihar, galdera guztien ama den galdera:

–Noiz?

Bi eta bi beti lau izaten dela sinisten duen jende asko bizi da oraindik gure artean. Jakin, badakite (komunikabideak noizbehinka jarraitzea nahikoa baita horretarako), bi baldintza horiek eta amatasuna ez daudela ezinbestez lotuta, emakume batek bikote-lagunik gabe erabaki dezakeela ama izatea, edota bikote-laguna emakume duen emakumeak ere izan dezakeela eta baduela gogo hori egia bihurtzeko modua. Adinari dagokionez, berriz, estatistikek erakusten dute emakumeak gero eta beranduago hartzen duela erabakia, arrazoi askorengatik, eta teknologia mirarien erreinu bilakatu denetik orain urte batzuk pentsaezina zen adineko emakumeek ere izaten dituztela haurrak.

Eta halere, beti galdera bera:

–Zer, noiz?

“Inoiz ez” erantzun duenetakoa izan naiz urte askoan. Bakarren batek gogorarazi dit gerora.

Bi arrazoi nagusi nituen erantzun hori emateko:

–bat, neure aukera zen, eta kitto!

–bi, galdera egiten zuenari galdera hori ez zela zuzena adieraztea. Alegia: bat, noizi erantzun zehatza ematea ezinezkoa delako (matematikak ez duelako funtzionatzen gauza hauetan); bi, noizek neure buruan erantzunen bat izan balu ere, ez nengoelako inori esatera behartuta; hiru, galdera hori egiten zuenari aukeraren bi aldeak benetakoak eta zilegi direla hausnartzeko bidea ematea; eta lau, “zuri zer axola zaizu?” baino erantzun edukatuagoa iruditzen zitzaidalako, galdera hori egiten jarraitzen duenak erantzun edukaturik ez duela merezi pentsatzen dudan arren.

Okerrena da noizek erantzun zehatza izan duela nire kasuan, data bat. “Okerrena” diot, “inoiz ez” erantzuna jaso zutenak, gezurretan harrapatu nindutelakoan, harro daudelako. “Ikusten?”, esaten didate oraindik.

Eta ez nintzen gezurretan ari.

Gezurra ez zen “inoiz ez” hartatik “nahi dut” esaterako bidean zer gertatu zen edo zitzaidan ez dakit, ordea. Estatu Batuetako zientzialariek aurkituko dute berandu baino lehen horrentzat ere erantzunen bat. Entzun dudan azkenekoa izan da, aitaren bidez bidaltzen digutela gene batean ama izateko sena. Susmoa besterik ez da oraingoz. Arratoiekin egin dute saiakera, baina lau haizetara zabaldu dute. Ez nuke gezurra denik esango. Ez dakit-eta. Argitu gabeko misterioen artean kokatu beharko litzateke zerk bultzatzen duen emakumea une jakin batean erabaki hori hartzera. Erruduna gizonengandik datorkigun gene bat dela entzuteak amorrarazi egiten nau, baina ez zait burugabekeria iruditzen. Gizonezkoak izan behar du parteren bat berarentzat alde txarrik apenas duen esperientzia honi bizirauten laguntzeko ahaleginean. Emakumeon esku balego, honezkero desagertu zen zorioneko edo zorigaitzeko genea.

Edo murriztu bai, gutxienez.

Edozein adinetan hasten da lanean oraingoz izenik ez duen gene hori.

“Nik txiki-txikitatik neukan argi umeak izango nituela”, erantzun izan didate ama batzuek. “Beti egin izan dut amets ama izatearekin”, beste batzuek. “Umeak izugarri gustatzen zaizkit”, askok. “Bizitzan izan dudan esperientziarik zoragarriena” seme-alabak izatea dela aitortu dit bakarren batek. “Gaztetan izan nahi nituen, beren gaztaroa ezagutu eta konpartitu ahal izateko”, batek.

Inork ez dit erantzun “mundu honetan daukadan guztia norbaiti utzi nahi diodalako”, edota “zahartzen garenean zainduko gaituen norbait alboan izatea komeni zaigulako”; eta, seguru, batek baino gehiagok pentsatu izan duela hori. Gaur egun, ez hainbeste; baina garai batean, askok.

“Zoragarria naizela pentsatzen dudalako eta, hemendik joaterako, ni bezain zoragarria den beste norbait oparitu nahi niolako munduari” ere ez dut jaso erantzunen artean, mundua betiko zorretan uzteko moduko erantzuna iruditzen zaidan arren.

“Ez dago bizitzan ama izatearekin konpara litekeen esperientziarik. Esperientzia aberasgarri hori bizitzeagatik bakarrik ere merezi du” izaten zen, gene traidorea nigan lanean hasi aurretik, asko haserretzen ninduen arrazoietako bat. Gogoan dut “minbiziari aurre egitea ere esperientzia konparaezina eta aberasgarria da bizitzan, baina ez nau batere tentatzen” erantzun nuenekoa. Erantzun zakar hori jaso zuena ere akordatuko zen seguruaski, tentazioan erori nintzela jakin zuenean.

Umeak zergatik izan zituzten galdera beste galdera batekin erantzuten dute gure amen belaunaldikoek: “Nola zergatik?”. Senarekin loturarik handiena duen erantzuna, kezkarik gabe.

Nire ametsen zerrendan ez zen inoiz azaltzen ama izatearena –amesgaiztoetan izan ezik–; txiki-txikitan ez, baina azkar samar erabaki nuen ez nuela umerik izango; parean egokitzen ziren ume guztiak negarrez hasten zitzaizkidan begiratze hutsarekin (beraz, sentimendu beretsua azaltzen genuen elkarrenganako); bizitzan esperientzia zoragarriak izan ditut, eta gehiago izateko itxaropenetan bizi naiz oraindik, eta, nire umea gaztarora iristen denean, ez dakit non eta nola ibiliko naizen (ezta ibili egingo naizen ere).

Eta halere, momentu jakin batean, “orain bai” esan nuen.

Erabakia hartzeko garai egokiaz ere iritzi desberdinak jaso izan ditut. Bi talde nagusitan bana litezke. Talde batekoek gehiegi ez pentsatzeko aholkua ematen dizute: “gehiegi pentsatzen baldin baduzu, inoiz ez duzu izango… Erabakitzen duzunerako beranduegi izango baita akaso”. Bestekoek, berriz, asko pentsatzeko: “ez da pentsatu gabe egin litekeen zerbait”.

“Beranduegi” horrek pisu handia du edozein emakumeren bizitzan. Gizonezkoek ez bezala, guk badakigu orain ez bada, bihar izan litekeela, eta, zorte pixka batekin, akaso etzi ere bai, baina iritsiko dela etzidamu, eta etzidamu ezinezkoa izango dela. Etzidamu nahiko ote dugun susmoa nahikoa izan liteke batzuentzat “orain” erabakitzeko. Baina susmoa ez da nahikoa. Gerta bailiteke gerokoaren kezkatan “orain bai” esan, eta damutzea. Naturak dezente erraztuko liguke lana beranduegik epe zehatza balu. Naturak, ordea, ez du gugan pentsatzen.