la

BABELI GORAZARRE

Bitartean ibillico dira becatutic becatura amilduaz; oraiñ pensamentu batean, gueroseago itz loyak gozotoro aditzean: oraiñ escuca, edo queñada batean, guero musu edo laztanetan: oraiñ ipui ciquiñac contatzen,
guero dantzan, edo dantza ondoan
alberdanian.

J.B. Agirre

© 2009, Patxi Xabier Baztarrika Galparsoro

© Hitzaurreak: 2009, David Crystal / 2009, Pedro Miguel Etxenike

© Azala eta diseinua: 2009, Antton Olariaga

© Argitaraldi honena: 2010, ALBERDANIA, SL

Istillaga, 2, behea C. 20304 Irun

Tf.: 943 63 28 14 Fax: 943 63 80 55

alberdania@alberdania.net



Comunicación Interactiva Adimedia, S.L.-ek digitalizatua

www.adimedia.net



Paperezko edizioaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-100-0

Edizio digitalaren ISBN zenbakia: 978-84-9868-182-6

Legezko Gordailua: S.S. 1668/09

PATXI
BAZTARRIKA

BABELI GORAZARRE

Bizikidetzarako
hizkuntza politika
zilegi eta eraginkorra

S A I A K E R A

David Crystal-en
eta Pedro Miguel Etxenikeren
hitzaurre banarekin

A L B E R D A N I A

Hitzaurreak

David Crystal
eta
Pedro Miguel Etxenike

Bi hitz atariko

David Crystal

Hizkuntzari buruz genituen ideiak zeharo aldarazi zituzten 1990eko urteetan iraultza ekarri zuten hiru bilakabidek. Hizkuntza global baten ideia egia bihurtu zen azkenean: erabilerari buruzko datuek berretsi egiten zuten askok eta askok dozenaka urtean izandako susmoa, alegia, ingelesa planeta osoko lehenbiziko lingua franca globala bihurtua zela. Beste egitate bat ere berretsi zuten hainbat inkestek: hizkuntza asko eta asko arriskuan zirela, krisi larrian, eta ohartarazi ziguten beharbada munduko hizkuntzen erdia hil egingo direla XXI. mende honetan zehar, ezer egin ezean. Eta Internet ere iritsi zen, mundu osoa hartzen zuen sare gisa (world wide web) lehenik, 1991. urtean, eta beste modu elektroniko batzuen gisa gero, hala nola posta elektronikoa, chata, bloggina, eta prozesu horrek aurrera jarraitu du 2000ko urteetan, testu-mezuekin eta sare-gune sozialekin. Gu guztiontzat, hizkuntzari buruzko ikuspegia betiko aldatu da, ez da berriro lehengoa izango inoiz.

Bestalde, hizkuntza-kudeaketa lanbide dutenentzat, bilakabide hauek desafio itzel eta inoiz ezagutu gabea ekarri dute. Soziolinguistikaren aspaldiko galderei erantzun berriak eman beharrean gaude. Nola landu nortasunak babestuko dituen eta gizarte-kohesioa sustatuko duen hizkuntza-politika bat egoera berri honetan? Patxi Baztarrikak ondo asmatu du erantzuna non bilatu: Europar Batasunean, mundu mailako liderra bihurtu baita hizkuntza-kudeaketan joan diren hamarraldiotan; Espainian bertan, hizkuntza gutxituak indarrez sartu baitira erakundeetan; Euskal Herrian, euskarak ederki erakusten baitu nola iraun dezakeen uharte linguistiko batek guztiz bestelako indoeuropar hizkuntzek inguraturik.

Aniztasun linguistikoaren politikaren printzipioak ondo ulertzen ditugu teorian, baina zailak dira gauzatzen horren aldaketa arinak izaten ari direlarik immigrazioan, ekonomiaren etorkizuneko bilakabideetan eta komunikazio-teknologietan. Helburua da esparru batean parte hartzen duten hizkuntza guztiak gogo-berdintasunez tratatzea, hierarkiarik gabe, elkarren kontra jarri gabe. Hala izango bada, hizkuntza bakoitzak bere ingurua behar du, bere bizi-esparrua, egileak azaltzen duen bezala. Bereziki interesgarria da ikustea nola teknologia berriek dimentsio berri bat eransten dioten espazio horri. Hizkuntzek eskoletan eta erakundeetan, hala sektore publikoan nola pribatuan, izan dute beti lekua; hara orain nola baliabide elektronikoetan ere indarrez sartu diren eta aukera berri eta zabalak eskaintzen dituzten, bereziki Interneten era bateko eta besteko domeinuetan. Komunikazio digitalak du garrantzi berezia, berak eragiten baitie herrialde bateko belaunaldi gazteei interesa eta engaiamendua –hurrengo ume-belaunaldiaren guraso izango diren horiexei, hain zuzen– eta badakigu gainera ez dagoela hizkuntzarik gazteenen sostengu eta garrik gabe biziko denik. Azkenean, mundu digitalaren barruan nola kudeatuko den aniztasun linguistikoaren politika, hortxe jokatzen da bere arrakasta.

Honek guztiak gogoeta sakona eta zabala behar du, praktika eta teoria konbinatuz eguneroko bizitzaren errealitateak erakutsiko dituen eredu praktiko bat erdiesteko. Horixe egin du egileak, hain zuzen, Babeli gorazarre (Hizkuntza politika zilegi eta eraginkorra) izeneko lan honetan.

Euskararen Legeak
laster hogeita hamar urte

Pedro Miguel Etxenike Landiribar

Hogeita hamar urte beteko dira berehala Euskadiren autogobernua abian jarri genuenetik. Hasieratik beretik, gure erkidegoaren oinarriak indartzen hasi ginen garai hartatik esan nahi dut, garrantzi berezia eman genion hizkuntzaren normalizazioari: hizkuntza hura, batzuetan txokoetara bildurik zegoen hizkuntza eta jakite hura, noranahiko bihurtzeko ateak ireki nahi izan genituen. Lizardik nahi zuen bezala, guk ere noranahikoa nahi genuen euskara. Euskal Herria euskararen herria da, zerbait izatekotan, eta gizarteak gure herriaren izena izanaz ere hornitu nahi izan zuen, zinezko gizarte elebidunaren zutabeak leku egokian jarriz.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritza 1980an berrantolatu genuenok gure hizkuntzari legean oinarritutako aterpe egokia eman nahi izan genion, eta horixe hartu zuen helburutzat, besteak beste, gure gobernu sortu berriak: urteetan baztertua izan zen hizkuntzari ofizialtasuna eman nahi izan genion, eta berdintasunezko aukera. Hori izan zen hasiera hartako gure ibilbidearen zutabe garrantzitsuenetako bat. Gogoz eta kemenez ekin genion lanari.

Horrela sortu zen Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legea, 1982an, Eusko Legebiltzarrean jarlekua zuten alderdien artean eztabaidatu eta adostu ondoren. Geroztik, hogeita hamar urte hurbil igaro dira, eta ikusi dugu nola maldan behera zegoen hizkuntza apaletsi hark burua goratu zuela lehenik, gero eta jende gehiagoren artean kezka sortu zuela ondoren, eta ametsik beroenetan ere agertuko ez zitzaizkigun tokietara ere hedatzen hasi zela azkenekoz. Oinarrizko lege horrek bideratu du, neurri handi batean, Euskadiren gizarte eraikuntzaren ardatz nagusietako bat. Eta horrek, horrek ere, goititu du gure hizkuntza. Nekez uka daiteke hori.

Adostu genuen legea, diodan gisan: euskararen legeak legebiltzarkide gehienen aldeko boza izan zuen, eta hola eskaini zitzaien herritar guztiei inguru egoki bat, lege aldetik bederen –nolanahi ere, ez da gutxi hori–, euskara ere gero eta gehiago erabiltzen hasteko. Ematen du, bai, erraza dela, baina esaten erraza izanik ere, hori egitea, eta praktikara eramatea, beste kontu bat da. Abiapuntu egokia zuen lege berriak, hala ere: adostasun zabal hura. Horregatik, hura genuen gogoan eta hizkuntza politika integratzaile bat bultzatu nahi izan genuen, inor bazterrean utziko ez zuena eta inork bere kontutik banderatzat hartuko ez zuena. Hura zen, hura, gure baitatik sortu zen eginahala orduan: guztien ondare nahi baikenuen euskara. Donibane Garaziko nafar hark amestutako plazan nahi genuen hizkuntza, eta euskarak behar zuen tornuari hastea ematen saiatu ginen. Eta hola, ondoko lau funtsezko zutabe hauetan oinarritu zen orduan gure arteko adostasuna.

Hasteko, lehenbizikoa: normalizazioa eta sustapena. Euskararen legearen helburu nagusia erabilera normalizatzea zen, herritarrek bi hizkuntza ofizialak jakin eta eguneroko bizitzan erabiltzeko eskubidea bideratzea, hain zuzen ere. Horrek, bistan denez, neurri positiboak hartzea eskatzen zuen bi hizkuntzetan ezaugarri ahulenak erakusten zituenaren alde.

Bigarrena: borondatearen kontra ez da deus egiterik. Argi izan behar dugu gure politikak bi mutur hauen lotura egokia egin behar duela: eskubideak herritarrarenak dira, baina obligazioak, berriz, administrazioarenak. Hori dela eta, herritarrak euskara nahiz erdara erabil ditzake, berak egin behar du hautua aldi bakoitzean. Ez da inor ere nahi ez duen hizkuntza batean mintzatzera bortxatuko, segurki, baina administrazioaren egitekoa ez da halakoa, eta administrazioa behartua dago herritarrak aukeratu hizkuntzan erantzutera.

Hirugarrena: gizarte elebiduna indartu. Garai hartako gizartean ia-ia guztiak ziren erdaldunak; euskara, ordea, batzuena bakarrik zen, eta horiek ezin zuten (ezin dute) euskara nahi zuten askatasunarekin erabili eta, hortaz, ezin zuten praktikan legeak onartzen dien eskubidea gauzatu. Nola, bada, aldamenekoak hizkuntza hori ez baldin badaki! Eskubide hori zinez bermatzekotan, gizarteak elebiduna izan behar du. Hortaz, kontuan harturik gizartearen ezaugarriak, irmotasunak eskutik joan behar du malgutasunarekin, hori zen gogoan genuena orduan: aplikazioetan eska daitekeen malgutasuna lotua dago ezinbestean printzipio orokorrari eskatu behar zaion irmotasunarekin. Egiazko elebitasunak ez baitu tokirik izango gizartea bera elebiduna ez den neurrian. Legea onartu genuen garaian hiruretan hogei urte inguru jotzen nituen nik euskal gizarte elebidunera ailegatzeko. Orduan baino hurbilago gaude helburu horretatik, baina ez da gutxi falta oraindik. Zernahi gisaz, esaten ahal da dagoeneko belaunaldi gazteenak elebidunak direla. Horrek, ez dut zalantzarik, izugarrizko eragina izango du hurrengo belaunaldietan. Horrek erakusten digu nola joan behar duten batera irmotasunak eta malgutasunak. Baina denborari utzi behar zaio bere bidea egiten: trankil, nahi bada, baina beti ari.

Laugarrena: gizarte-kohesioa. Hizkuntza politikak bateratzailea izan behar du, gizartearen kohesioari eragin behar dio. Gizarte demokratikoa eratu nahi dugunez gero, gizartearen adostasunean oinarritu behar dugu hizkuntza politika. Euskaltzaleok gai izan behar dugu, euskara dela eta, herritarren atxikimendua etengabe elikatzen eta sendotzen.

Nire ustez, zutabe nagusi horiek markatzen zuten bidea kontuan harturik, 30 urte honetan egin den politikak emaitza ikusgarriak eman dizkigu: orduan baino elebidunagoa da gure gizartea; gazteak elebidunagoak dira; euskarak inoiz izan duen baino hiztun gehiago ditu; euskarak alor berriak bereganatu ditu eta gure arbasoek pentsatuko ez zuten tokietan ere ageri da gaur egun. Azkenik, hau ere aipatu behar da, hizkuntza gisa baliagarriago eta aberatsagoa da orain dela 30 urte baino. Euskarak aitzinat egin du.

Zergatik gertatu den hori guztia? Nire ustetan, egia izanik ere herri aginteen hizkuntza politika eraginkorra izan dela, eta horren garrantzia saiatu naiz azpimarratzen, bada funtsezkoago den beste arrazoi bat: gizartearen borondatea. Gizarteak berak erabaki du euskara bultzatzea. Urte hauetako esperientzia kontuan hartzen badugu, hortaz, badira arrazoiak baikor agertzeko gertatutakoaz, denok ikus ditzakegun alderdi ilunak goiti-beheiti. Egia baita oraindik ere euskaraz bizi nahi duenak zailtasunak dituela bere hizkera hautua trabarik gabe baliatzeko.

Patxi Baztarrikak dio, ondoko lerroetan, euskarak badituela garatzeko, oraindik ere, alor normalizatuak eta erakargarriak. Bat nator kontu horretan berarekin. Hizkuntzen kontua ez da erlijioena bezalakoa: erlijio aukerak mugak jartzen ditu (ezin duzu aldi berean erlijio bat baino gehiago izan), baina hizkuntzak mugak hausten ditu: zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta aukera handiagoak ditu hiztun horrek, mundua zabaltzen zaio. Herritarrek gozatu behar dute euskara, eta hori eginez aberasten direla, ez baimenka ari direla, sentitu behar dute. Gure hizkuntza hau (euskara gurea bakarrik baita) noranahiko bihurtu behar dugu: artean, literaturan, hedabideetan, kulturan… denetan ikusi behar dugu, amultsutasunarekin, sentimenduekin, jolasguneekin, gozoarekin eta bizi nahi ditugun barne-barneko gauzekin lotua ikusi behar dugu. Horrela egingo dugu gureago euskara. Horrela izango da noranahikoago. Horixe da gure erronka.

Hori, nahiz ez hori bakarrik. Noranahikoa bai, nolanahikoa ez. Euskarak eta kalitateak besotik joan behar dute. Zenbat eta kalitate handiago ikusi gure hizkuntzan, zenbat eta zerbitzu hobeak eskaini, orduan eta beharrezkoago ikusiko dugu gure hizkuntza. Eta bide hau hartu dudanez gero aritaldi honetan, ozenki esan nahi nuke hemen zentzugabekeria dela, ezjakintasun hutsa ez bada, kalitatea eta euskara kontrajartzea, aurrez aurre paratzea, batzuek maizkara egiten duten gisan. Zerbitzu bat bi hizkuntzetan eskaintzeak hori esan nahi du, hori bakarrik: bi hizkuntzetan eskaintzen dela, ez besterik. Eta bietan eskaintzen ahal da zuzen, edo gaizki, eskaintzak ez baitu erlaziorik kalitatearekin. Bietan ongi eskainiz gero, hori irabazten dugu. Euskara eta kalitatea aurrez aurre jartzea eztabaida zahar eta funts-gabe batean erortzea da, liburu honek berak ere erakusten duen gisan.

Eusko Jaurlaritzan Sailburu nintzelarik behin eta berriz esaten nuen bezalaxe, gure herrigintzak etorkizunik izango badu, kulturaren kalitatean, zientzian, teknologian eta euskaran oinarritu beharko du.

Teknologiaren munduan ere gero eta sartuago ageri da gure hizkuntza. Bizitasunaren seinalea da hori, poza emateko modukoa, eta seinale ona. Hor ikusi nahi dugu gure hizkuntza, aurrera egin dezan. Vianako Printzea Saria jasotzerakoan, Leiren esan nuen bezala, “gure hizkuntzak kezkatzen nau, euskarak, lingua navarrorum den horrek. Gurea diot, gurea baino ez delako, eta ez, aldiz, dugun guztia delako; guk galtzen badugu, beraz, denek galtzen dute, betiko”.

Hizkuntzen gaia egunean eguneko liskar politikoetatik baztertu beharra da. Hori dela eta, erantzukizuna eskatu behar diegu gure ordezkari publiko guztiei, goi-goitikoei ez ezik gainerako guztiei ere. Erantzukizunez jokatzeak esan nahi baitu euskararen aldeko politika positiboak bideratzea, aukera berdintasuna benetan bermatzeko neurriak hartzeko ausart izatea, guztiek bi hizkuntzak “bere” egitea, “bestearen” errealitatea ezagutzeko eta aintzat hartzeko eginahalak egitea. Euskarak denon elkartasuna eta atxikimendua merezi ditu. Merezi ere, euskara guztiok merezi baitugu.

Alegia euskaldun izateko borondatea tinko oinarritu behar dugu, zailtasunean zailtasun, oztopoak gainditu eta zuhur bezain azkar jokatu.

Horregatik guztiagatik funtsezkoa ikusten dut euskararen inguruan gizartearen kontsentsua berritzeko eta sendotzeko ahalegina etengabe egitea. Bat nator, beste anitzekin batera, Eusko Jaurlaritzak bultzaturik, hizkuntza politikako jardunean ezagutza eta eskarmentua duten hainbat euskaltzaleren artean 2008an zehar eztabaidatu eta idatzi ondoren, Euskararen Aholku Batzordeak 2009an onartu zuen Euskara 21: XXI. mendearen hasierarako hizkuntza-politikaren oinarriak. Itun berritu baterantz izenburua duen txostenean biltzen diren hainbat ideiarekin, 1982an finkatu genituen printzipio integratzaileekin bat egiten baitute eta, etorkizunari begira, aski modu egokian formulatu baitira. Beraz, abiaburu bikaina dugu, zalantzarik gabe, XXI. mende honetan euskal gizarteari erakusten zaion bidean.

BABELI GORAZARRE

Bizikidetzarako hizkuntza politika
zilegi eta eraginkorra

Lorategi batean dauden hainbat eta hainbat lore eta landareren artean gu (euskaldunok) gara beste landare edo lore mota bat, ezberdina, eta gureak ere, besteak bezala, bizitzeko eskubidea du; (...) euskaldunok ez dugu eskatzen beste inongo lorerik moztu behar denik, eskatzen duguna da gureari bizitzen utzi behar zaiola. Gehiegi eskatzea ote da hori, non eta zibilizazio honetan, animalien eta barazkien espezieak babesten baitira guztion ondasun direlako. Horixe bera da euskaldunok eskatzen duguna. Ez gehiago, ezta gutxiago ere. Hau ez da inola ere politika esaten duten hori.

Adimenez ongi dabilen inor, zibilizatua bada, tolerantea beraz, ezin egon daiteke gure kultura bizi dadin kontra, batez ere ez dugulako beste inorenik kaltetzen. Eskubideak ditugu, bai, baina eskubideez gain, betebehar bat ere badugu, ondokoekin modu zibilizatuan, tolerantean eta haurridetasunez bizitzekoa. Erantzukizun hori badugu euskaldunok geure bizkar gainean hartu beharrekoa, datozen belaunaldiei begira.

Jose Migel Barandiaran

(Martin Ugalde, Hablando con los vascos)

Zor batzuen kitapena-edo

Iturri askotatik edan duen liburua da hau. Ez da ezerezetik sortua, zorpean jaiotzen den liburua da. Horrexegatik, hasiera beretik, zorrak kitatu, edo gutxienez aitortu, egin nahi ditut.

Alde batetik, han eta hemen askotariko jendearekin izandako eztabaidetan azaldutako ideiek eta askotariko autoreen testuen irakurketak eragindako gogoetak dira. Testu horietako askoren berri liburuan zehar ematen da, eta bibliografiako zerrendan jasota daude. Bihoazkie, beraz, autore horiei guztiei nire aitormena eta esker ona.

Bestetik, urte askotako euskararen obragintzan, baina batez ere Eusko Jaurlaritzako erantzukizunetatik hizkuntza politikaren kudeaketan lau urtean izandako eskarmentuan dago saiakera honetako gogoeten oinarria.

Horregatik, nire esker ona Miren Azkarateri, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaz arduratzeko aukera eman zidalako eta, ardura hori betetzerakoan, gainera, lankidetzan beti akuilu izan zelako, galga sekula ez.

Eskerrik asko Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzan zuzenean, edo kanpotik, beti ondotik baina, lankide izandako guztiei, bereziki Zuzendaritza Batzordean jai eta aste lanean, eta eztabaidan, lankide izan nituenei.

Eskerrik asko nire zirriborroa arretaz irakurri eta irakurritakoaren gainean oso kontuan hartzekoak izan zaizkidan oharrak eta iradokizunak egin dizkidaten adiskide Lorea Bilbao, Erramun Osa eta Joseba Erkiziari.

Badakit susmagarria izan litekeela egileak editoreei eskerrak ematea, baina ez dut aurrekoak bezala barrenak emandako agindu hau bete gabe uzteko indarrik ez gogorik: eskerrik asko, nola ez, Alberdaniako Inazio Mujika Iraolari eta Jorge Giménez Bechi. Hitzez hitz eta pasarterik bazterrean utzi gabe irakurri dute idatzitakoa, eta zuzenketak ez ezik testua hobetzeko arras baliagarri izan diren ohar mordoa egin didate euren galbahetik, testuaren aringarri eta irakurlearen mesedean.

Eskerrik asko, halaber, bihotzez, hitzaurregileei, David Crystal britainiar hizkuntzalariari eta Pedro Miguel Etxenike zientzialari euskaltzaleari. Etxenike izan zen diktadura ondorengo lehen Eusko Jaurlaritzaren izenean, Hezkuntza eta Kultura sailburu legez, Euskararen Legearen proiektua Eusko Legebiltzarrera eraman zuena, eta Legebiltzarrak 1982an adostasun politiko zabalaz onar zezan lan egin zuten askotariko sukaldarien sukaldari nagusia. Horrela, bada, euskara atzerakadatik atera eta aurrerabidean jartzeko lanetan aitzindari izan zen, beste batzuekin batera. David Crystal, berriz, hizkuntzalari ezaguna da nazioartean, oso bibliografia luze eta aberatsa baitu hizkuntzalaritzaren eremuan. Internetek eta komunikazio-euskarri berriek munduko hizkuntzen erabileran eta hizkuntzen arteko orekan izan dezaketen eraginari buruzko azterketak dira nagusi azken urteotako bere ekarpenetan. Horien ondoan azpimarratu behar, halaber, ingelesaren bilakaeraz eta globalizazio hizkuntza izatearen ondorioz ingelesa nozitzen ari den aldaketaz edo munduko hizkuntza dibertsitateaz eta hizkuntzen krisialdiaz egin dituen lanak.

Esan beharrik ez dagoena, baina halakoetan nahitaez beti esan behar dena esan dezadan nik ere: aipaturiko guztien laguntza izan dut, bihotzez eskertzen dudana, baina hemen jasotzen diren gogoeta eta iritzien erantzukizuna nirea baino ez da.

Eskerrik asko Socori, beste hainbat gauzaren artean berari zor baitiot jakitea zeinen zaila den eta zenbaterainoko ahalegina eskatzen duen etxetik euskaraz tutik jakin ez eta heldutan, irakaskuntzan eta lagunartean euskara erabiltzeko batere modurik ez izanda, halere, euskaldun berri izatera iristeak, non eta gaur oraindik euskararik gabe bizi litekeen Herrian. Guztiok, baina batez ere euskaldun zaharrok, zorretan gaude euskaldun berriekin, hizkuntza bizikidetza ahalbidetzeko berealdiko ahalegina egin dutelako.

Eskerrik asko Martini eta Mariakruzi, arrazoi askogatik, baina oraingoan honengatik: euskaraz maitatzen, kopeta belzten, gozatzen, haserretzen, goibeltzen, alaitzen, hitz egiten eta eztabaidatzen…, azken batean, euskaraz bizitzen erakutsi zidatelako, nire niaren
oinarriak eta euskara uztarri berean loturik entregatu zizkidatelako.

Hauei guztiei eta, hemen izendatu gabe geratu badira ere, liburu honetako hainbat gogoetaren eragile izan direnei, guzti-guztiei nire esker ona eta aitormena.

I

Hizkuntza pluraltasuna
eta hizkuntza politika
globalizazioaren testuinguruan

1. Globalizazioaren paradoxa

Fenomeno ugari eta askotarikoak ditu gure gaurko munduak, baina bada bat edonorentzat ukaezina dena, zeinahi delarik hari buruz dukegun balorazioa: globalizazioa. Globalizazioa finantza eta ekonomia arloan, globalizazioa kulturen eta hizkuntzen esparruan, globalizazioa gizarte-bizitza gauzatzen den hainbat eta hainbat eremutan: horra inoiz ez bezalako abiadan, gero eta handiagoan, aldatzen ari den gure munduaren ezaugarri nabarmenena eta berezkoenetarikoa. Ez alferrik, globalizazioaren ondorioz, estutu eta txikitu egin da orain arte zabala eta handia zen mundua. Izan ere, globalizazio behin eta berriz aipatu horrek berarekin ekarri baitu herrialdeen artean iraganean harresi ziren muga fisikoak gaur egun zubi bihurtzea, milaka kilometrotako distantziak denborari dagokionez murriztea, herrialde batetik besterako joan-etorriak erruz ugaritzea eta informazioa munduko bazter guztietara aldi berean zabaltzea –eta, beraz, elkarren berri inoiz baino gehiago izatea–. Esan liteke ezberdin garenok ere, herritarrak nahiz kulturak eta gizarteak, globalizazioaren eraginez, gero eta berdinago ez bagara ere, gero eta antzekoago ari garela bihurtzen. Aukera-berdintasun onuragarriarekin zerikusi gutxi duen berdintze-prozesu bat dugu aurrez aurre.

Gizarteko gertakari askoren moduan, globalizazioarena ere gertakari paradoxikoa da, ezbairik gabe. Izan ere, bata bestearen ukazio diren bi aurpegi kontrajarri dituen fenomenoa dirudi: unibertsaltasuna eta uniformetasuna, bi-biak dira globalizazioaren aurpegiak. Onuragarria bata, unibertsaltasuna hain zuzen ere; guztiz bestelakoa, ordea, bikote-kidea, uniformetasuna. Unibertsaltasunarentzako mehatxua ez dago partikulartasunean, uniformetasunean baizik. Unibertsaltasunaren eta partikulartasunaren artean ez dago oposiziorik, Miguel Torgaren hitzetan “tokian tokikoa, hormarik gabe, hori da unibertsala”. Uniformetasuna da unibertsaltasunaren ukazioa, ez partikulartasuna. Ahots bakarra, pentsamendu bakarra, kolore bakarra, aho-batekoaren zurruntasuna: horra uniformetasunaren hainbat aurpegi. Bistan da pobretasuna baino ez dakarkiola uniformetasunak gizadiari, eta, beraz, irmotasunez baztertu beharreko izurria duela hori askatasuna amesten duen orok eta tolerantzia eta ezberdinentzako aukera-berdintasuna bermatzea goiburu dituen gizarte batek.

Irmotasunez baztertu behar bada zernahi, ordea, beharrezkoa da baztertu nahi denaren sorburua eta bizi-indarra zorrotz identifikatzea. Globalizazioaren babesean lekua egin nahian dabilen uniformetasunak ideologia menderatzailean du sorburua, eta menderatzailearen hegemonia du bizi-hauspo indartsu. Alde horretatik begiratuta, beraz, ezinbestean arduratu behar gaitu hizkuntza aniztasunaren etorkizunak, hizkuntza hegemoniko gutxi batzuen nagusitasunak ezarritako uniformetasunak irents ez gaitzan.

Gai hauetaz aintzakotzat hartu beharreko ikerketa eta gogoeta sakonak egin dituzten aditu ugarik luzatutako hariari jarraiki, irudipena dugu hizkuntza aniztasunari mehatxu ugari dakarzkiola globalizazioak. Baina, mehatxuak mehatxu, kontua da globalizazioarena dela errealitatea, ez dagoela besterik, eta testuinguru horretan jokatu behar dugula nahitaez hizkuntza dibertsitatea babestearen aldeko partida. Horrekin batera, gainera, ustea dugu, mehatxu eta arriskuen aldamenean, hizkuntza aniztasuna babestu eta sendotzeko aukera ugari ditugula eskura mundu globalizatu honetan, inoiz izan ez ditugun aukerak barne.

Aldez aurretik finkaturiko etorkizunik ez dago, egiten denaren eta egiten ez denaren araberakoa izango da hizkuntza dibertsitatearen etorkizuna, eta, ezbairik gabe, etorkizun hori oparoa izan dadin lan egiteko bitartekoak eta aukerak egon badaude. Horrexegatik deritzet onuragarri jarrera positiboei; eta guztiz kaltegarri, aldiz, nagusiki etsipena eta larrimina plazaratzen dituzten mezu apokaliptikoei.

2. Hizkuntza pluraltasunaren galera-arriskua

Hizkuntza aniztasunaren galeraren arriskua ukaezina da munduko toki askotan. Aurrera baino lehen esan dezagun, nolanahi ere, galera-arriskuak ez direla neurri berekoak edo antzekoak hegemonikoak ez diren hizkuntza guztientzat; aldeak daude batzuen eta besteen artean, nahiz eta lantu-jotzaileek gogokoago izan ohi duten iluntasunez beteriko gau beltzetan irudikatzea ia-ia hizkuntza guztiak, gau izartsurik, are gutxiago egunsentirik, inongo hizkuntza ez hegemonikorentzat gorde gabe. Aldeak alde, dena dela, argi izan dezagun, hizkuntza aniztasunaren etengabeko galeraren historia dela gizadiaren bilakabidea.

Munduko hizkuntzen kopuru zehatza finkatzeke dago. Tusón-en esanetan (Tusón, 2003), gutxi gorabehera lau mila dira munduko hizkuntzak; UNESCOk dioenez, berriz, sei mila eta zazpiehun hor nonbait. Hizkuntzen deskribapenaren arloan oraindik ere badagoelako zer ikerturik, batetik, eta, bestetik, kasu askotan ez delako erraza izaten hizkuntza ala dialektoa zer ote den erabakitzea, batez ere arrazoi horiengatik ikergai jarraitzen du hizkuntza kopuruak. Nolanahi ere, kopuruak kopuru eta direnak direla, era honetako ikerketetan eta munduko hizkuntza aniztasunaren aldeko jardunean aitzindari den UNESCOk behin eta berriz ohartarazten gaituenez, hizkuntza aniztasuna arrisku bizian dago munduko toki askotan.

Aipaturiko 6.700 bat hizkuntza bizi horietatik %3 baino ez daude Europan kokatuta. Erdia baino gehiago dira galtzeko arrisku bizian, ez baitute tokirik administrazioan, hezkuntzan eta hedabideetan. Hiztun-kopuruari dagokionez, honako hauek dira lehen hamar hizkuntzak: txinera, gaztelania, ingelesa, arabiera, bengaliarra, hindia, portugesa, errusiera, japoniera eta alemana. Horien ondoren datoz frantsesa edo italiera eta bizi-indar bikaina duten beste zenbait hizkuntza. Hamar hizkuntza horien hiztunak munduko biztanleen %50 izatetik hurbil daude. Horrek esan nahi du hizkuntza gutxi batzuk direla biztanle gehienek hitz egiten dituztenak. Baina munduko hizkuntza nagusia ingelesa bada ere (hiztun-kopuru handiena ez eduki arren, bera da nazioarteko hizkuntza nagusia), ingelesez hitz egiten dakitenak biztanleen heren bat dira, iritsi gabe. Beraz, mundu osoko perspektiban begiratuko bagenio hizkuntzen kontuari, ohartuko gara handiak ere txiki direla, eta, glotofagiarako joera hain zabalduen lekuan, hizkuntza guztiekiko eta hiztun-erkidego guztienganako errespetua eta integrazio-joerak gailendu beharko liratekeela.

Ia zazpi mila hizkuntza horien erdiek hamar mila hiztun baino gutxiago dituzte, eta mila hiztun izatearen azpitik daude mila eta bostehun. Afrikan, berrehunetik gora dira bostehun hiztun baino gutxiago dituzten hizkuntzak. Hiztun kopuruak ez du berez hizkuntza baten biziraupena bermatzen, ezta hurrik eman ere. Hamaika adibidetan oharteman dezakegu badirela hizkuntzak, hiztunak milaka batzuk baino ez dituztenak, baina beren lurraldean garapen funtzional erabatekoa dutenak, eta, beraz, askoz hiztun gehiago dituzten zenbait hizkuntza baino osasuntsuago dirautenak. Halere, gogoan hartzekoa da, aditu ugariren esanetan, nekez berma daitekeela hizkuntza baten biziraupena ehun mila hiztunen azpitik geratuz gero, are nekezago globalizazioaren garaiotan.

Joshua A. Fishman soziolinguista ezagunaren aurreikuspena ere kezkagarria da (Fishman, 1998-1999; itzulpena, 2001):

Las lenguas más minoritarias de la escena mundial quedarán oprimidas entre sus vecinos regionales inmediatos por un lado y el inglés por el otro. Las lenguas locales más puras (aquellas con menos de un millón de hablantes) se verán amenazadas con la extinción durante el próximo siglo. Como resultado, muchas comunidades minoritarias no sólo intentarán fomentar sus propias lenguas, sino también limitar las invasiones de las lenguas vecinas más poderosas.

2008an hil zen Marie Smith Jones, baina berak ez ezik berarekin batera azken hatsa eman zuen eyak hizkuntzak ere, Marie baitzen azken hiztuna Alaskako hizkuntza ugarien artean oraindik bizirik zegoen hizkuntza horrena. Halakorik gerta ez zedin, 2008ko udan jakin genuenez, Mexikoko Tabasco estatuko baserritar batek, Manuel Segovia Jiménez indigenak, zoque ayapaneco hizkuntza irakasteari ekin zion, Manuelek berak eta bere lagun batek bakarrik hitz egiten dakiten hizkuntza mesoamerikar horrek bizirik iraun dezan. Manuel Segovia eta Isidro Velázquez (72 eta 66 urte) omen ziren zoque ayapaneco erabiltzen zuten bakarrak. Zuten diot, jada ez baitute erabiltzen, adiskide izateari eta elkarrekin hitz egiteari utzi omen ziotelako. Bere ekimenaren berri jendaurrean ematerakoan Segoviak esan zuenez, en las comunidades indígenas hay egoísmos, unos no quieren enseñar y otros no quieren aprender. No lo hablan porque les parece una vergüenza (El Universal-México, 2008-07-10).

Nabaria da, bai, galera-arriskua. Hori izan da, gainera, gizadiak historian zehar urratu duen bidea. Gaur egun 6.700 hizkuntza inguru eta sei mila milioitik gora biztanle dituen mundu honetan, hogei mila hizkuntza hitz egiten omen ziren biztanleak gaur egun baino milaka milioi batzuk gutxiago zirenean. Bilakaera horren argitan badago, beraz, munduko hizkuntza aniztasunari kezkaz erreparatzeko motiborik. Abere eta landare espezieak hutsik egin gabe babesteaz edo ondare arkitektonikoa gordetzeaz hain sentsibilitate handia erakusten duen mundu honek gutxienez beste horrenbestekoa beharko luke hizkuntza aniztasunari eusterakoan.

Nolanahi ere, hizkuntza aniztasunaren galera-arriskuaz hitz egiterakoan, ez ditzagun zaku berean sartu hegemonikoak ez diren hizkuntza guztiak. Hau guztia ez gara esaten ari hizkuntza batzuk bestetzuk baino garrantzitsuagotzat-edo jotzen ditugulako: edozein hizkuntzaren galera da handia, hizkuntza guztiak baitira berdinak duintasunari eta zor diegun errespetuari dagokionez, Moreno Cabrera hizkuntzalariak behin eta berriz azpimarratzen duenez. Hortaz, hiztun gutxien dituen hizkuntzaren galera ere galera handia da mundu osoarentzat. Hau guztia esaten ari gara, beste ezein giza ekimenetan bezala, hizkuntza aniztasuna babesteko ekimenetan ere, ezinbestekoa delako abiapuntuko diagnostikoa zuzena izatea, arrakasta lortuko bada behinik behin. Euskara, galego, katalan edo gaelikoaren egoerak ezberdinak dira beren artean ere, eta arazo eta erronka berariazkoak dituzte; baina hizkuntza horien egoerak ez dauka zerikusirik beste hainbat milaka hizkuntzaren osasunarekin: haiek ez bezala, besteok, ez lege babesik dute, ez hedabideetan edo hezkuntzan tokirik, ez gizartean prestigiorik, ez tradizio idatzirik, ez ortografiarik. Hori da hizkuntza afrikar gehienen kasua.

3. Zergatik babestu hizkuntza aniztasuna?

Konplexua da gure gizartea, eta, horrexegatik, konplexutasunaren paradigmak baino ez zaizkigu baliagarri, baita hizkuntza kontuetan ere. Zenbaitzuek –zehatz esanda, hizkuntza hegemonikoaren itzalpean indartsu sentitzen direnek– gizarteak berezkoa eta bereiztezina duen konplexutasuna alferrikakoak (omen) diren katramila eta konplikazioekin nahasten dute. Horrela, behin eta berriz entzun edo irakurri diegu modu erretorikoan eta apaltasun soberarik gabe egin ohi duten galdera hau: “Nolabait babestu eta toleratu bai, baina bultzatu, zertarako bultzatu edo elikatu hizkuntza aniztasuna?”. Galdera horren hari beretik tiraka dihardutelarik esana da honakoa (Savater, ABC, 2008-06-29): eso de que ‘cuantas más lenguas más riqueza’, no es así. En política la verdadera riqueza es tener una lengua común.

Jada aipatua dugun ideia bat birbaliatuz, deigarria da ondare arkitektoniko, etnografiko eta arkeologikoa edo animalia eta landare espezieen ugaritasuna kontserbatzearen alde enfasi handiz diharduen askok, aldiz, nola alboratzen duten hizkuntza ondarearen kontserbazioa alferrikako luxu katramilatutzat. Deigarria da, halaber, nazionalismoek sustatzen omen duten homogeneotasunaren aurrean gizartearen aniztasunaren bandera hegaldatzen dutenetariko askok nola, hizkuntzei dagokienez, mespretxatzen eta arbuiatzen duten hain preziatutzat omen duten aniztasuna.

Hizkuntza eta kultur aniztasunaren balioari buruz oso iritzi kontrajarriak ageri ohi dira plaza publikoan. Irudipena dugu nabarmen zaharkiturik geratzen ari diren ideiak direla mundua hizkuntza eta identitate kontuetan kolore bakarrekoa (norberaren kolorekoa) balitz bezala irudikatzen dutenen ideiak –berdin dio modu leun edo traketsean adierazten dituzten–. Zaharkiturik diot, hain zuzen ere, oso zaharra delako –eta, bide batez, desintegratzailea–munduko hizkuntza eta kulturen arteko harremanak menderatzaileen eta menderatuen arteko harremanak bailiran irudikatzea.

Gizadiaren historian, liberalismoa eta demokrazia sortu
aurreko mendeetan, uste izan da aniztasuna zela munduko Herri eta Estatuen arteko gatazken iturburu nagusia, eta, ondorioz, aniztasunaren ukazioan eta uniformetasunaren zimentarrietan oinarrituriko sistemek bakarrik berma zezaketela aurrerapena. Modernitateak gainditu duen eta zaharkiturik utzi duen ikuspegia da hori, baina begien bistan dago oraindik ere indar handia duela bizikidetza kasu askotan bortizki oztopatzen duen ikuspegi horrek. Errazagoa baita atzematen kolore bakartasuna –batez ere norberarena baldin bada kolore bakar hori– ugaritasuna baino; sinpleagoa baita hil edo biziko partida jokatu eta menderatzailearen garaipena amestea, aniztasuna bermatuko duen bizikidetza orekatua antolatzea baino; atseginagoa baita hegemoniari eustea, boterea partekatzea baino. Hala da hori guztia, bai, errazagoa, sinpleagoa eta atseginagoa, alegia; baina pobreagoa eta gatazkatsuagoa ere bada, ikuspegi etikotik guztiz arbuiagarria gainera, ez baita ez bidezkoa ez eta eraginkorra ere bizikidetza harmoniatsu bat hezurmamitzeko.

Ikuspegi horren erakusgarri diren erreferentzia batzuk ekarriko ditut segidan, argigarri izango direlakoan. Jose Maria Aznar Espainiako presidente izanak hizketa-gai izan ohi du auzi hau munduan zehar eman ohi dituen hitzaldietan. Hitzaldi horietan, demokrazia liberalaren aurretikoek egiten zuten bezala, elkarren etsai balira bezala azaltzen ditu kultur aniztasuna eta integrazioa. Garaiko prentsan jasotako erreferentzien arabera, esate baterako, Washingtongo John Hopkins Unibertsitatean 2002an emaniko hitzaldian, “kultur aniztasuna eta integrazioa kontrajarriak dira” dioen tesia azaltzen saiatu zen; eta Georgetown Unibertsitatean, Mario Vargas Llosa idazle perutarrarekin izaniko mahai-inguruan, honako hau baieztatu zuen (Aznar, El Mundo, 2006-10-27):

El multiculturalismo ha sido un fracaso en Europa. (…) El multiculturalismo divide y debilita a las sociedades, no favorece la tolerancia ni la integración y es probablemente el problema más complicado de Europa en la actualidad.

Nabarmentzekoa da baieztapen horiek guztiz kontrajartzen zaizkiela José María Aznar jauna bera buru zuela Espainiako Gobernuak 2001ean (1992an, Felipe González buru zela, sinatu eta bederatzi urte geroago) berretsi zuen Europako Eremu Urriko Hizkuntzen Gutunean jasotzen diren printzipioei. Izan ere, aipaturiko hizkuntzak babestu eta bultzatzea demokrazian eta kultur aniztasunean oinarrituriko Europa eraikitzeko ekarpen garrantzitsutzat aldarrikatzen baitu Europako hizkuntzen gutunak.

Aznarren hitzek erakusten duten ikuspuntu berekoak dira, beste zenbaiten artean, Arcadi Espada idazlea eta Fernando Savater filosofoa. Espadaren esanetan (El Mundo, 2009-02-06):

La proliferación de lenguas me parece una desgracia. Babel es una desgracia, una maldición, (…) un obstáculo al libre crecimiento de la inteligencia. Las lenguas son puros elementos funcionales del hombre. Sólo hay que ver el desarrollo de la humanidad moderna, que ha sido tendente a la eliminación de lenguas y a la instauración de una lengua que hoy es la lengua franca de los negocios. No me importa que ese progreso acabe con mi lengua materna.

Savaterrek auzi honen gainean gaur egun duen ikusmoldearen argigarri dira ondoko hitzak (El País, 2009-05-26):

Las ventajas de una lengua única para la comunicación humana me parecen indudables. (…) Los partidarios de Babel, empeñados en convencernos de que multiplicar las lenguas multiplica la riqueza cultural, deberían llegar hasta el final y admitir que lo mejor sería que cada uno tuviésemos nuestro propio lenguaje: el idiolecto, es decir, la lengua monocomprensible del perfecto idiota (en el sentido etimológico del término). Tampoco resultan convincentes quienes tratan de asemejar la desaparición de una lengua a la extinción de una especie biológica, porque ningún dinosaurio quiere ser abolido, pero en cambio sí hay hablantes que prefieren cambiar de idioma cuando el que tienen no les ofrece más que desventajas [letra etzana gurea da].

Elkarrizketa bat, edozertaz eta edonorekin egiten delarik ere, eraginkorra izango bada, nahitaezkoa da hurkoaren arrazoiak ulertzen saiatzea. Ahaleginak eta bi egin arren, ordea, ulertezinak zaizkigu zeharo Savaterren hizketaldiko azken hitzak: ba al da munduan hizkuntzarik inori desabantailak baino ez dakarzkionik? Begien bistakoa da testuinguru, toki eta jarduera jakin batzuetarako abantaila ematen dutela zenbait hizkuntzek, beste askoren eta gehienen gainetik. Baina hortik ezin ondoriozta daiteke beste zenbait hizkuntzaren ondoan abantailadunak ez diren hizkuntzak hargatik inorentzat desabantailadunak direnik. Onar dezagun, testuinguru jakin batean, hizkuntza abantailadunak eta abantailarik ez dutenak dauzkagula; baina, hortik aurrerakoa, ezin onartuzkoa da, gezurra baita –Savaterrek dioenaren kontra– alde txarrak dituen eta negatiboa den hizkuntzarik badenik inon. Mundua zuri ala beltz izatera eta mundutarrak adiskide ala etsai dikotomiaren arabera sailkatzera mugatzen dituen ikusmoldea da hori. Herritarrei desabantailak baino ez dakarzkien hizkuntzak aginteak debekatu eta esetsitakoak baino ez dira, haiek erabiltzeagatik zigorra jasan behar baitute hizkuntza haietako hiztunek, eta hori bada, bai, abantailarik eza ez ezik desabantaila garbia ere. Bistakoa da, ordea, ez dela horretaz ari Savater, besteak beste hizkuntza-zapalketa esplizituaren adibidea eta hiztun-erkidego bati akabera indarrez ematearena delako hori. Beste hitz batzuetan esanda, askatasunaren ukazio nabarmenegia da hori, eta ez da, noski, horretaz ari Savater, ez da hori berak aldarrikatzen duena.

Aznarren, Espadaren eta Savaterren hitzek agerian jartzen duten ikusmoldea hizkuntza aniztasuna hilzorian jartzera –ez beste inora– garamatzan ikusmoldea da. Bizi-arnasa hartzeko izaki bizidunok nahitaezkoa dugu airea; bada, modu berberean behar dute hizkuntzek erabilera, ezinbesteko oxigenoa dutelako. Eta hizkuntza bat erabilia izango bada ez da nahikoa debekatua eta esetsia ez izatea, ez da nahikoa baimendua eta onartua izatea, horiez gainera, herritarrek/hiztunek balioztatua eta estimatua izan behar du. Balio eta estimu hori desagerrarazteko, gaur egun ez dago agintearen indarra erabili beharrik, badira beste bitarteko batzuk, kontrako eta erresistentziazko erreakzioak eragiten dituen indarra baino askoz eraginkorragoak gainera: esate baterako, hegemonikoak ez diren hizkuntzen aurkako aurreiritzi eta mespretxuzko topikoak lau haizetara etengabe zabaltzea. Hori da hiru pertsonaia hauen hitzetan argiro atzematen dena, eta aniztasuna bizikidetzarako onuragarritzat –eta ez kaltegarritzat– daukagunok borrokatu behar duguna ezinbestean.

Hizkuntza aniztasunaren aurkako aurreiritzi suntsikor horien arabera, esate baterako, hizkuntza errazak eta zailak daude, belarrira goxoak direnak eta gogorrak direnak, hiztun asko eta hiztun gutxi dituztenak, kulturgintza eta literaturarako balio dutenak eta onenean etxeko sukalderako baino balio ez dutenak, komunikatzeko aberatsak eta eskasak, aurreratuak eta atzeratuak, modernoak eta antigoalekoak, abantailak dituztenak eta desabantailak dituztenak… Zenbat aurreiritzi eta mespretxu!

Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari madrildarrak zorrotz eta sakon aztertu du hizkuntzen gaineko aurreiritzi eta topikoen auzia, hizkuntza guztientzako duintasun eta begirune bera aldarrikatuz, hizkuntza guztien berezko eta abiapuntuzko berdintasuna defendatuz. Izan ere, Axularrek XVII. mendean Geron idatzi zuenez (Jakin, 1977):

Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzesez, edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere, eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta eta ez euskarak [letra etzana gurea da].

Beste hitz batzuetan esanda, hizkuntzen komunikazio gaitasunaren eta garapenaren neurria mugatzen duena ez da hizkuntza bera, baizik eta hiztunek hizkuntzari urteetan zehar eman dioten erabilera eta funtzionaltasunaren nolakoa. Lizardik euskararentzako aldarrikatu zuen hizkuntza noranahikoaren irudiaz baliatuz, zenbat eta noranahikoago izatea lortu, orduan eta era guztietako errekurtso gehiagoz eta aberatsagoz jabetzen da hizkuntza, edozein delarik ere. Abiapuntuan, bada, potentzialtasun berekoak dira hizkuntza guztiak.

Hizkuntza aniztasunaren aurkako aurreiritzien artean, bada beste bat hizkuntza hegemonikoen mesedean oso zabaldua dena, hizkuntza darwinismoaren aurreiritzia hain zuzen ere. Hizkuntza batzuk hegemoniko bihurtzera eta beste batzuk azpiratzera eraman dituzten prozesuak ikuspegi praktiko batetik ez ezik ikuspegi etikotik ere zuritu nahiko lituzke aurreiritzi horrek. Mota guztietako izaki bizidunen bilakaeraren nondik norakoa azaltzeko Darwinek eraiki zuen teoria biologikoa hizkuntzen mundura ekarrita, balio gehien duen eta egokiena den hizkuntza nagusitzera eta balio ez duena eta egokitzeko gai ez dena desagertzera daraman hautapen naturala da hizkuntza darwinismoa. Hizkuntzen arteko ordezkapenak, beraz, inoiz ez dira gertatzen inork –inolako eta inongo agintek– hartara behartu dituelako: hautapen naturalaren eta herritarren borondate askearen emaitza dira hizkuntza-ordezkapenak.

Ikusmolde horren ale bat Espainiako Erregeak utzitakoa da, Francisco Umbral idazleari 2000ko Cervantes Saria ematerakoan esan zuenean (Cervantes Institutua, 2001-04-23):

Nunca fue la nuestra lengua de imposición, sino de encuentro; a nadie se le obligó nunca a hablar en castellano: fueron los pueblos más diversos quienes hicieron suyo por voluntad libérrima el idioma de Cervantes.

Oker ibiliko ginateke euskaldunok frankismoak bultzaturiko zapalketari egotziko bagenio euskarak XX. mendean nozituriko atzerakadaren erantzukizun bakarra edo nagusia, faktore guztiz erabakigarri gehiago –eta eragin handiagokoak– ere bai baitira atzerakada hauspotu zutenen artean (urrutirago gabe, Iparraldean, euren zorionerako, ez zuten frankismorik jasan; euskarak, halere, atzera egin zuen nabarmen). Hori esatearekin batera, esan behar da, halaber, gutxienez neurri berean ibiliko ginatekeela erratuta ahantzi edo gutxietsiko bagenu diktadurak euskara, katalana eta galegoa azpiratzeko eta espainiar Estatua soilik gaztelaniaren eskutik uniformatzeko aurrera eraman zuen jarduera sistematikoa. Gaztelania ez diren bertako beste hizkuntzen ahulezia ezin da ulertu iraganean gertaturiko hizkuntza-jazarpena kontuan hartu gabe, eta iraganean jazotakoa –esan nahi baita, gaztelania hegemoniko eta ia-ia hizkuntza bakar bihurtu eta gainerako hizkuntzak baztertzeko prozesua– ez zen gertatu “herriek beren borondate guztiz askeaz bereganatu zutelako Cervantesen hizkuntza”. Beste horrenbeste esan liteke Ameriketan bertako hizkuntzen eta gaztelaniaren artean gertaturikoaz.

Hizkuntzen bizitza eta heriotza, ez da dudarik, neurri batean bederen menderatzaileen eta menderatuen dialektikari lotu izan zaio beti. Badira bultzada jaso duten hizkuntzak, eta badira mespretxuz tratatuak izan direnak. Euskaldunok badakigu zerbait horretaz. Geroago ikusiko dugunez, indartsu-edo diren hizkuntzak ez dira indartsu eurak indartsu direlako, hizkuntza horretaz baliatzen diren gizarteak indartsu direlako baizik. Horrela, bada, historiaren zenbait unetan mespretxua jaso izanak –euskarari gertatu zaion bezala– ez du hizkuntza bat besteak baino “onago” bihurtzen, eta, era berean, hizkuntza bat ez da besteak baino “gaiztoago” bihurtzen historian menderatzaileek baliaturiko hizkuntza izateagatik, gaztelaniarekin gure artean gertatu den bezala. Hizkuntzak, berez, ez dira diskriminatzaileak ez zapaltzaileak. Hizkuntza guzti-guztiak behar ditugu beti errespetatu. Hizkuntzak norbanakoenak eta komunitateenak diren neurrian, hizkuntza bat ez errespetatzeak hizkuntza horretaz baliatzen direnak ez errespetatzea baitakar berarekin, eta gizartearen bizikidetza eta kohesioa kolokan jartzen da.

Menderatzaileen eta menderatuen logikari jarraiki, badira balioa hizkuntza handiei (milioika hiztun dituztenei) eta Estatua dutenei bakarrik aitortzen dietenak. Moreno Cabrera hizkuntzalariak “nazionalismo linguistikoa” eta “inperialismo linguistikoa” izenez bataiatu eta kritikatu du jarrera hori. Gurera etorriz, ikusmolde horren ahulezia agerian geratu ohi da gaztelania denean beste hizkuntza batzuekin lehian jardun beharrean suertatzen dena, esate baterako ingelesarekin, frantsesarekin edo alemanarekin lehian Europako Batasuneko erakundeetan bere lekua egin nahi duenean.

Badira, finean, hizkuntza hegemonikoaren talaiatik gainerako hizkuntzei –zehatzago esanda, hizkuntza hegemonikoarekiko ahul diren inguruko hizkuntzei– inolako balio sozialik aitortzen ez dieten diskurtsoak. Aurelio Artetaren hitzok argirik eman diezagukete esaten ari garen honetan (Egunkaria / Nafarkaria, 1997-05-30):

Euskara desagertzea euskaldunentzat izugarrizko galera subjektiboa izango litzateke; sekulako nahigabea eta bihozmina eragingo lieke, eta benetan ulertzen dut hori. Baina, hizkuntzak zer diren jakinda, ez litzateke oso galera objektibo larria izango. Lehenik, ez delako egia hizkuntzek munduaren ikuskera berezia, aberatsagoa, ematen dutenik. Bigarrenik, euskaldunak hizkuntza komunitate handiago batera bilduko liratekeelako, eta alde horretatik komunikatzeko eta informazioa trukatzeko aukera handiagoak izango lituzkete. Hizkuntzak desagertzea ez da txarra berez.

Zorionez, asko dira oso bestelako ikusmoldea dutenak; alegia, hizkuntza gutxi batzuen hegemoniaren eta askoren –gehienen– azpiratzearen alde hemen erakutsi diren hitzek adierazten dutenaren oso bestelako ikuspegia. Nekez esan liteke Noam Chomsky-k baino argiago. Hizkuntzalari eta pentsalari amerikarrak, 1998an, Tarragonan emandako hitzaldi batean esan zuen (El Mundo, 1998-10-28): Cuando una sociedad es monolingüe es porque su lengua ha sido homicida. Aniztasunaren onurez ziharduela, berriz, zera adierazi zuen (IVAP, Administrazioa euskaraz / Solasaldiak 3, Olatz Arrietaren elkarrizketa, 2006):

Hizkuntzen eta kulturen aniztasuna oso positiboa da. Guztiok berdinak izango bagina, bizia ezinezkoa izango litzateke; zerk egiten du bizia interesgarri? Bada, kultura eta pertsonen aniztasunak. Erregionalizazioa da Europan gertatzen ari den fenomeno pozgarrietako bat: kulturen, tradizioen eta hizkuntzen berpiztea, alegia.

Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna gizakiaren izaerarekin eta askatasunarekin bat dator, eta gizadiaren errealitatea ondoen islatzen duena da, elebakartasunaren eta kultura-uniformetasunaren gainetik. “Mundua kolore bakar batez ikusteko modua da elebakartasuna. (…) Elebitasunak malguagoa egiten du gure gizartea”, dio Dyane Adams Kanadako Hizkuntza Ofizialetarako komisarioak, eta, erratzeko beldurrik gabe, gure ustea da aniztasunarena dela etorkizunari begira nagusitzen ari den joera. Hala dio, esate baterako, Manuel Castells soziologo eta globalizazioari buruzko pentsalari ezagunak (Pascual, 2006):

El mundo siempre ha sido multicultural. La tendencia en la última década, en los últimos años del siglo XX y los primeros del siglo XXI, no es la desaparición de las identidades sino, al contrario, su reforzamiento. (…) Hay una diversidad cultural creciente y no una homogeneización de la cultura. Basta observar cómo en Internet el inglés sigue siendo la lengua mayoritaria, pero también es verdad que la proporción de usuarios de Internet en el año 2000 era el 72% en América del Norte, y en estos momentos es menos del 30%. Esto quiere decir que hay una diversidad cultural creciente en Internet y en muchos otros ámbitos de la vida social.

Hizkuntza aniztasuna oztopo eta atzerabidetzat jotzen dutenek huts-hutsik komunikaziorako tresna izaera aitortzen diete hizkuntzei, ez besterik. Horrela, bada, “zer axola dio hizkuntza bat edo beste edozein erabili, kontua denok ulertzeko moduan hitz egitea baita!”, esango dute. Hori dioenak, jakina, hizkuntza hegemonikoren baten talaiatik begiratu ohi du, eta denok ulertzeko moduan hitz egiteak bere hizkuntza hegemonikoan hitz egitea esan nahi du. Talaia hori, gainera, elebakarra izan ohi da. Elebakartasun hori inposatzean, nahitaez, murriztu egiten da bizikidetzak beharrezkoa duen berdintasuna.

Oker dabiltza, gainera, hizkuntzak gizakiok elkarri mezuak transmititzeko nolabaiteko garraio-sistemak bakarrik eta ez besterik bailiran hartuz, zera diotenak: zer axola dio hizkuntza bat edo beste erabiltzea. Izan ere, egia da hizkuntzak, bizi, komunikatzeko balio duten eta erabiltzen diren neurrian bakarrik bizi direla, baina egia da, halaber, izan, badirelakareorekulturgileeraikitzailea